2020ko uztailaren 22tik 26ra artean garatuko den 55. Heineken Jazzaldian joko duten tokiko hamar taldeak hautatzeko prozesuak aurrera segitzen du behin betiko zerrenda osatzeko balioko duten ikus-entzuleen aurreko emanaldien hasierarekin.
Hautatze-prozesu honi sostengu berezia ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan, zeinaren xedea Gipuzkoako talentu gazteei bultzada ematea baita musikaren eta arte eszenikoen esparruan, eta Gipuzkoako eszena dinamizatzea, klubei eta antolatzaileei sostengua emanez.
Emanaldiak Forum FNAC-en, Kutxa Kultur Klubean (Tabakaleran) eta Victoria Eugenia Clubean eskainiko dira, sarrera doan delarik (Victoria Eugenia Clubaren kasuan, gonbidapenak kontzertuaren egun berean jaso beharko dira Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, 17:00etatik aurrera).